Zipreko gatazka | |||
---|---|---|---|
Data | XIX. mendea - gaur egun | ||
Lekua | Zipreko uhartea | ||
Egoera | Konponbide bila | ||
Gudulariak | |||
| |||
XX. mendean Erresuma Batuak ere bete-betean parte hartu zuen gatazkan. |
Zipreko gatazka XIX. mendean hasi eta gaur egun arte dirauen gatazka etniko eta politikoa da[1]. Zipre uharteko bi komunitate nagusiak ditu protagonista (greko-zipretarrak eta turko-zipretarrak) eta liskarrak sortu dituzten arazo korapilatsuenak estatuaren eraketa, botere banaketa eta 1974ko turkiar inbasioak eta okupazioak eragindako kalteak dira[2]. Auzian garrantzi handia duten beste aktore batzuk ere badira, hala nola, Grezia, Turkia, Erresuma Batua, Nazio Batuen Erakundea eta, azken urteotan, Europar Batasuna[3][4].
Gatazka Otomandar Inperioaren eta Britainiar Inperioaren aurkako askapen borrokarekin hasi zen. XX. mendearen hasieran greziar biztanleen helburu nagusia Enosisa gauzatzea zen, hau da, Zipre Greziarekin bat egitea. Horretarako, aurretik Kretak, Joniako uharteek eta Dodekanesok egin zuten bezala, greko-zipretarrek kanpoko agintearen kontra egin zuten[1]. Hala ere, gatazka berehala bihurtu zen Zipreko bi komunitate nagusien arteko borroka, batez ere 1960an uharteak independentzia lortu zuenetik aurrera.
1974an inflexio-puntua iritsi zen, estatu-kolpearen ondoren Turkiak uhartearen iparraldeko zatia indarrez bereganatu zuenean. 24 egunetan turkiarrak uhartearen %36,2ren kontrola izatera pasa ziren[5]. Okupatutako lurraldeko biztanleen %82 greko-zipretarrak ziren, baina homogeneotasun etnikoa lortzeko asmoz turkiarrek hegoaldera kanporatu zituzten[6]. Turkiak aurrera eraman zuen garbiketa etnikoak 180.000-160.000 errefuxiatu utzi zituen eta uhartea bi zatitan banatuta gelditu zen[7][8]. 1983an Ipar Zipreko Turkiar Errepublikak independentzia aldarrikatu zuen, Turkiak baino onartzen ez duena[2]; izan ere, nazioartean Zipreko Errepublika jotzen da uharte osoaren de iure jabetzat, nahiz eta de facto iparraldea Turkiaren okupazioaren mende egon. Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren arabera, Ipar Zipre Turkiaren estatu txotxongiloa da[9][10].
Zipreko komunitateen arteko liskarrak konpontzeko eta gatazkari irtenbide politikoa emateko saiakera ugari egin dira, horien artean nabarmenenak Nazio Batuen Erakundearen eskutik iritsi dira. Hala ere, elkarrizketa eta proposamen guztiek oraingoz porrot egin dute[11]. Helburua lortzetik gertuen gelditu zena Annan Plana izan zen, baina 2004an ospatu zen erreferendumean greko-zipretarrek ezezkoa eman zioten[1]. Gaur egun bi aldeen arteko harremana epelagoa da eta uhartearen zatiketari eta gatazkari irtenbidea emateko elkarrizketek aurrera jarraitzen dute[12].